Zuzenketa aurreko gogoetak

Lehen, beti, gorriz zuzentzen nuen. Gehien maite dudan kolorea izateaz gain, ondoen nabarmentzen zena zela begitantzen zitzaidan, ikasle batek esan arte “oso anti-pedagogiakoa” zela gorrik zuzentzea. Jakina, ikasle hori irakaslea zen, eta zuzendutako idazlanak “Texaseko sarraskia” zirudien.

Harrezkero, berdez zuzendu izan dut. Eta idazlan batzuek “Texaseko sarraskia” ematetik, “Zein berdea zen nire bailara” izatera pasatu dira, oker egindakoa berbera zelako, gorriz ala berdez zuzendu.

Nik neuk, baina, gorriaren mira izaten jarraitzen dut; eta agian, hori konpentsatzeko gero eta kolore gehiago erabiltzen ditut: arrosa, urdin argia, morea, laranja,…Gorria, hala ere, zuzentzeko inoiz ez.

Horrela idazlanak infantil samar geratzen dira, koadro naif baten antzera, zuzenketok garrantzirik izango ez balute bezala, akatsak eta erroreak hanka-sartze hutsalak balira legez, irribarre batekin desagertuko bailiran.

Gorriaren gogorrak, ordea, gordin erakusten du akatsa, adeitasun barik, apaingarri gabe, huts eta sinple. Agian, horregatik atsegin dut.

El principio de Eduardo

“El principio de Eduardo” Antoni Pobleten liburu guztiz gomendagarria da. Nobela honetan kontatzen den istorioa ustelkeria inmobiliario kasu bat da, Estatuko edozein herritan gerta zitekeena, inongo problema barik.

Oso era hurbilean dago kontatua, kaleko hizkera erabiltzen baitu. Gainera, ironia eta umorea darabil, eta behin baino gehiagotan barre egin dut gogoz.

Sistema zikin honi kritika zorrotza egiten dio, era oso atseginean. Hausnarketarako aukera ematen du, dena zalantzan eta kolokan jartzen duelako, era arinean baina oinarria joz.

Gustura irakurri dut, gaia oso aktuala delako eta oso era atseginean kontatuta dagoelako. Merezi du!

18 de julio

Gogoratzen dudanetik, data txarra izan da hau, nahiz eta udako paga estraren data izan. Gerra piztu zutelako 1936an. Hala ere, latzagoa da 2006tik bat-batean aitxa hil zitzaigunetik.

Zelako ironia, 18 de julio baten hiltzea gure aitxa! Bonbardaketako biktima, gerrako umea, frankismoaren errepresaliatua, kartzelatua eta torturatua izan zena!

Edozein une da txarra aitxa galtzeko, baina horrelako data markatuek bizitzaren (edo heriotzaren) ironia erakusten digute. Gerraz eta kolpe militarraz dihardutenean, aitxa baino ez daukat buruan bere heriotzaren fetxa delako, ez altxamendu militarrarena.

Baina, egia esateko, altxamendu militar horren bere bizitza osoa markatu zuen, oraintsu esan dudan bezala.

Orain betiko egongo dira lotuta egun honetan nire gogoan!

Udako kantua: Gari-Garitano!

[Flash 9 is required to listen to audio.]